XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Irrati bat eduki beharra daukatela etxean, derrigorrez -lagundu zidan La Vachek, Antiaju Berderen hitz haiei batere zentzurik ez ziela ikusten keinuz adieraziz.

Baina nik bai, nik aurkitzen nien zentzurik.

Ordurako hasia nengoen lojikaz pentsatzen.

- Antiaju Berdek tranpa jarri nahi izan dio Usandizagari -azaldu nion lagunari.

Kanpoan dela sinestarazi nahi izan dio herrian albiste hori zabalduz, Burgosera zihoala eta abar.

Eta hasieran, bai sinestu ere Usandizagak.

Baina azken unean, jabetu egin da engainuaz eta oharra pasa die mendikoei.

Hori da Antiaju Berdek ulertzen ez duena, nola lortu duen informazioa pasatzea.

Horregatik uste du irrati bat daukatela.

- Ba ote dute? -galdetu zuen La Vachek.

- Ez, seguru ezetz.

Asmatu egin nuen.

Goardiek Balantzategiko argi guztiak piztu zituzten etxearen txokorik txokoena ere aztertzeko, eta dozenaka linterna erabili zituzten basoan azterketa berdina egiteko.

Baina etxeko txokoetan hautsa besterik ez zuten ikusi, eta basokoetan, berriz, zomorroa besterik ez.

Antiaju Berde gero eta haserretuago zegoen:

- Karral! -esaten zien atariko petrilean eserita zeuden Genoveva eta Usandizagari.

Honek hartua zeukan lehengo itxura: ate gaineko bonbilaren argitara, zahar zaharra ematen zuen, benetako bizkar okerra.

Genovevak, berriz, ez zuen keinurik egiten.

Urrutira begira zegoen.

Zer sentitzen ote zuen behi zintzarria bezalakoa zen bere bihotz hartan?

Ez dakit, baina une batez behintzat grabedadez egin zuen (...).